Homo Digitalis

Manuel Arearen esanetan, aldaketa historikoz jositako garaia bizi dugu gaur egun eta, une honetan, hezitzaileok ardura handia dugu esku artean. Teknologia digitalak pisu handia du gizarteko esparru guztietan, baina, horrez gain, hauek dira aipatutako aldaketa garaiaren bereizgarriak:

  • Globalizazioa: Bertakoak garrantzitsua izaten jarraitzen duen arren,  mugak lausotu egin dira, espazioa eta denbora arautzen dituzten eskemak hautsi daitezkeelako.
  • Ekosistema informatikoa: teknologia digitalaren eraginez, informazio gehiago sortu eta kudeatzen dugu eta sare sozial berriak erabiltzen ditugu (gutxienez, aukera daukagu hori egiteko). Hori dela eta, herritarrok testuinguru horretan jarduteko jarrera, balio, ezagutza eta konpetentzia berriak behar ditugu.
  • Ezagutzaren ekonomia: industrializazioa eta hari lotutako eredu pedagogiko zein ekonomikoak atzean geratu ziren. Gaur egun, informazioa eta ezagutza dira ekonomiaren oinarria. Horrek esan nahi du egungo (eta etorkizuneko) herritarrok ezagutza eraiki eta konpetentziak garatu behar ditugula, gizarte garaikidean integratu eta arrakasta izan nahi badugu.
  • Pribatutasunaren galera: hainbeste informazio sortu eta kudeatzen dugun testuinguru globalizatu honetan, gardentasunak atea irekita utz liezaieke erasoei eta manipulazioari. Horregatik, oso garrantzitsua da ingurune digitalaren arriskuak eta haiek gainditzeko neurriak ezagutzea.

Eskolek eta hezkuntza komunitateak industrializazio garaiko ereduak alde batera utzi eta aurrera egin behar dute, ezin baitugu ahaztu eskoletan hezten direla etorkizuneko herritarrak. Horretarako, transmisioaren pedagogiatik sortuz ikastearen pedagogiara salto egiteko garaia da. Ezagutzaren gizartean bizi gara eta dagoeneko ikasketa mekanikoak (gogoratu eta errepikatzearenak) ez du zentzurik. Ikasketa aktiboa da beharrezko konpetentziak garatzen lagunduko diguna. Zeintzuk dira konpetentzia horiek? Etengabeko aldaketak eta ziurgabetasunak baldintzatutako kultura likidoa (Bauman, 2000) duen gizarte batean bizitzen lagunduko digutenak, hain zuzen ere.

Nolakoak izango dira etorkizuneko herritar horiek? Manuel Areak Homo Digitalis izena erabiliz deskribatzen ditu eta, haren esanak kontuan hartuz, horrela irudikatu daitezke:

infografia_homo_digitalis_eus

 

Amaia Arroyo @amaiaarroyo

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

five × 3 =

Gune honek Google-ren cookieak erabiltzen ditu zerbitzuak eskaintzeko eta trafikoa analizatzeko. Zure IP helbidea, erabiltzaile-agentea eta errendimenduaren nahiz segurtasunaren neurketak Google-ri bidaltzen zaizkio zerbitzuaren kalitatea ziurtatzeko, erabilera-estatistikak sortzeko eta erabilera okerrak antzeman eta bideratzeko. Cookie Politika.

ACEPTAR
Cookie erabilera