Zer da gizarte digitaleko herritar jantzi eta autonomoa izatea? Gure ustez, herritarrek, jantziak eta autonomoak izateko, ikasten jakin behar dute, hau da, ezinbestekoa da ikasten ikasteko gaitasuna garatuta izatea. Hori da egungo gizartean analfabeto ez izateko gakoa, izan ere, kultura garaikidea ez da transmisioan oinarritzen, sormenean eta moldagarritasunean baizik.
Manuel Areak bideo honetan aipatzen dituen teoria konstruktibistek inoiz baino balio gehiago dute gaur egun eta argi dago herritar jantzi eta autonomoek gaitasun sortzaileak ere izan beharko dituztela. Horrez gain, ikastea bizitza osoko prozesua dela jabetuta, prozesu hori aberasteko estrategiak jarri beharko dituzte martxan, horretarako tresna egokiak erabiliz.
Angel Luis Perezek, ponentzia honetan, argi adierazten du bere ustez gizarte digitalari egokitutako kultura pedagogikorako kontuan hartu beharreko gakoak zeintzuk diren:
- Informazio gizartea: informazio asko kudeatzen dugu eta dagoeneko ez dugu guztia gogoratu behar.
- Ikastea ezagutza eraikitzea da: transmisio eredua alde batera utzi, pertsona bakoitza bere ikasketa prozesuaren protagonista bihurtzeko eta norberaren autonomia bultzatzeko.
- Neurozientzia kognitiboaren aurrerapenak: garunaren plastikotasuna kontuan hartzen badugu, ohartuko gara ikasketa prozesuetan aldagai fisikoak garrantzia handia duela eta ezin dugula alde batera utzi.
Gako horiek oinarri hartuta, Angel Luis Perezek honako helburuak finkatzen ditu hezkuntzarentzat, herritar jantzi eta autonomoak hezteko bidean: pentsaera kritikoa, sortzailea, autonomoa eta solidarioa garatzea. Zergatik da garrantzitsua aipatutako gaitasunak garatzea? Etorkizuneko herritarrak honelakoak izan daitezen: nolako hezkuntza, halako etorkizuna.
Amaia Arroyo @amaiaarroyo