Urte amaieran balorazioak egin ohi dira: urtea nola joan den, zer hobetu dezakegun, zer lan izango dugun datorren urtean, gure helburuak lortzeko bideak zein izango diren… IKT on-en denbora daramagu datorren urtea antolatzen eta, orain, urte amaieran, azken orduko berri bat partekatu nahi dugu zuekin.
Symbaloo enpresarekin kolaboratuko dugu, tresna digitala euskarara itzultzeko. Guretzat oso berri pozgarria da! Dakizuenez, IKT on-en helburu nagusia hezkuntza eraldatzen laguntzea da, teknologia digitala aldaketa pedagogikoaren bozgorailu gisa ulertzen dugulako. Baina IKT on-ek konpromiso handia du euskararekin eta horretan laguntzea ere gure helburu garrantzitsu bat da. Sarean dauden tresna digital ia guztiak gazteleraz daude eta euskararen presentzia txikia da. Symbaloo eta IKT on-en akordioari esker, eskoletan asko erabiltzen den tresna bat euskaratuko dugu, gure ama hizkuntzari bultzada txiki bat emanez.
Symbaloo.com orri-markatzaile digital bat da, sareko baliabide guztiak modu erraz eta bisualean antolatzeko. Hezkuntzan lan egiten dugunontzat, Symbalook EDU.Symbaloo.com bertsioa sortu du. Hezkuntzarako baliabideak aurkitzeko sarbide errazagoa eskaintzen du. Azkenik, Symbaloo PRO bertsioa dago. Erabilera profesionalerako pentsatuta dago: ikastetxeetan Internet nola erabiltzen den ezagutzeko eta kudeatzeko aukera eskaintzen du, eta baliabideak eta edukiak banatzeko aukera ere ematen du. 2016ko maiatzetik aurrera, Symbalook Lessson Plans tresna ere eskaintzen du. Tresna digital horri esker, ikas-ibilbideak diseinatu eta partekatu daitezke, hainbat baliabide integratuz.
2016. urtea lanez, erronkaz eta emozioz beteta urtea izan da. 2017. urtea ere halaxe dator: ikasten jarraitzeko eta ekarpenak egiteko proiektuz beteta. Eskerrik asko Symbaloori gurekin bat egiteagatik eta eskerrik asko gurekin batera hezkuntzan eragiteko gogoz lanean ari zareten guztioi.
2017 ON!
Amaia Arroyo @amaiaarroyo
One thought on “Symbaloo – IKT on bidelagun”